Ezabatu fitxategiak eta karpetak

Ez baduzu fitxategi edo karpeta bat gehiago eduki nahi, hura ezabatu dezakezu. Elementu bat ezabatzen duzunean, Zakarrontzian gordetzen da, eta hura hustu arte bertan geratuko da. Nahi baduzu, leheneratu Zakarrontzia karpetako elementuak beren jatorrizko kokalekura, haiek berriro behar badituzu edo nahi gabe ezabatu badituzu.

Fitxategi bat zakarrontzira bidaltzeko:

  1. Hautatu zakarrontzian kokatu nahi duzun elementua bere gainean behin klik eginez.

  2. Sakatu teklatuko Del tekla. Gauza bera egiteko beste modu elementua alboko barrako Zakarrontzira arrastatzea da.

Fitxategia zakarrontzira eramango da eta ekintza hori desegiteko Desegin aukera erakutsiko da. Desegin botoia agertuko da zenbait segundoz. Desegin aukeratzen baduzu, fitxategia jatorrizko kokalekura leheneratuko da.

Fitxategiak behin betiko ezabatzeko eta ordenagailuan lekua askatzeko, zakarrontzia hustu behar da. Hori egiteko, egin eskuineko klik alboko barrako Zakarrontzia aukeran eta hautatu Hustu zakarrontzia.

Ezabatu fitxategi bat betiko

Fitxategiak berehala ezabatu daitezke betiko, lehenengo zakarrontzira eraman behar izan gabe.

Fitxategi bat betiko ezabatzeko:

  1. Hautatu ezabatu nahi duzun elementua.

  2. Sakatu eta eutsi Shift teklari, eta ondoren sakatu teklatuko Delete tekla.

  3. Ekintza hori ezin denez desegin, berreste-mezu bat jasoko duzu, fitxategia edo karpeta ezabatu nahi duzun egiaztatzeko.

Euskarri aldagarri batetik ezabatutako fitxategiak agian ez dira ikusgai egongo beste sistema eragile batzuetan, adibidez Windowsen edo Mac OSen. Fitxategiak euskarrian daude hala ere, eta berriro zure ordenagailuan entxufatzen duzunean erabilgarri egongo dira.