Konpondu kaltetutako fitxategi-sistema bat
Fitxategi-sistemak hondatuta egon daitezke ustekabeko energia-galera egon delako edo unitatea gaizki erauzi delako. Horrelako zerbait gertatzen bada, konpondu edo gutxienez egiaztatu fitxategi-sistema, geroago daturik galdu ez dadin.
Batzuetan konponketa bat behar da fitxategi-sistema bat muntatu edo aldatzeko. Gerta daiteke egiaztaze batek ez duela kalteen berri ematen, baina hala ere fitxategi-sistema 'zikin' gisa egotea markatuta eta hura konpondu egin behar izatea.
Begiratu fitxategi-sistema bat kaltetuta dagoen
Ireki Diskoak aplikazioa Jarduerak ikuspegitik.
Hautatu, ezkerreko biltegi-unitateen zerrendan, konpondu nahi den fitxategi-sistema duen diskoa. Diskoak bolumen bat baino gehiago badu, hautatu fitxategi-sistema duen bolumena.
Bolumenak atalaren azpian dagoen tresna-barran, egin klik menu-botoian. Ondoren, egin klik Egiaztatu fitxategi-sistema… aukeran.
-
Fitxategi-sisteman zenbat datu dauden gordeta, egiaztatzeak denbora gutxiago edo gehiago beharko du. Agertuko den elkarrizketa-koadroan, baieztatu ekintza abian jarri nahi duzula.
Ekintzak ez du fitxategi-sistema aldatuko, baina hura desmuntatuko du, beharrezkoa bada. Izan pazientzia fitxategi-sistema aztertzen den bitartean.
Ekintza osatu ondoren, fitxategi-sistema kaltetuta dagoen ala ez jakinaraziko dizu aplikazioak. Kontuan izan zenbait kasutan, nahiz eta fitxategi-sistemak kalterik ez eduki, hura konpondu beharko dela 'zikina' deritzon barneko markatzailea berrezartzeko.
Datu-galerak egon daitezke konponketak egitean
Fitxategi-sistemaren egitura hondatuta badago, bertan gordetako fitxategiak gaizki egon daitezke. Zenbait kasutan, fitxategi horiek ezin dira konpondu eta ezabatu egingo dira edo direktorio berezi batera eramango dira. Normalean fitxategi-sistemaren goi mailako direktorioan dagoen lost+found karpetan utziko dira, bertan aurki daitezke berreskuratutako fitxategi-zatiak.
Datuak oso baliagarriak badira prozesu honetan galduak izan daitezen, hobe da bolumenaren irudi baten bidez babeskopia bat egiten baduzu konponketa abiarazi baino lehen.
Ondoren, irudia forentse-analisirako tresnekin prozesatu daiteke, adibidez sleuthkit aplikazioarekin, falta diren fitxategiak eta datu-zatiak berreskuratzeko, bai eta aurretik ezabatutako fitxategiak ere.
Konpondu fitxategi-sistema bat
Ireki Diskoak aplikazioa Jarduerak ikuspegitik.
Hautatu, ezkerreko biltegi-unitateen zerrendan, konpondu nahi den fitxategi-sistema duen diskoa. Diskoak bolumen bat baino gehiago badu, hautatu fitxategi-sistema duen bolumena.
Bolumenak atalaren azpian dagoen tresna-barran, egin klik menu-botoian. Ondoren, egin klik Konpondu fitxategi-sistema… aukeran.
-
Fitxategi-sisteman zenbat datu dauden gordeta, konponketak denbora gutxiago edo gehiago beharko du. Agertuko den elkarrizketa-koadroan, baieztatu ekintza abian jarri nahi duzula.
Ekintzak fitxategi-sistema desmuntatuko du, beharrezkoa bada, Konponketa-ekintza fitxategi-sistema egoera koherentean uzten saiatuko da, eta kaltetuta dauden fitxategiak karpeta berezi batera eramango ditu. Ez izan presarik fitxategi-sistema konpontzen ari den bitartean.
-
Ekintza osatu ondoren, fitxategi-sistema ondo konpondu daitekeen ala ez jakinaraziko dizu aplikazioak. Ondo konpontzen bada, berriro normal erabili ahal izango da.
Ezin bada fitxategi-sistema konpondu, egin haren babeskopia bat bolumenaren irudi bat sortuz, geroago fitxategi garrantzitsuak erauzi ahal izateko. Horretarako, muntatu irudia irakurtzeko moduan eta erabili forentse-analisirako tresnaren bat, adibidez sleuthkit.
Bolumena berriro erabili ahal izateko, formatua eman behar zaio fitxategi-sistema berria eduki dezan. Datu guztiak ezabatuko dira.