Arazoak multimedia-txartelen irakurgailuekin
Ordenagailu batzuek SD, MMC, SM, MS, CF eta beste biltegiratze-txartel batzuk irakurtzeko irakurleak dituzte. Horiek automatikoki detektatu eta muntatuko dira. Muntatzen ez badira, begiratu ea honako konponbideak baliagarri zaizkizun:
Ziurtatu txartela ongi txertatu duzula. Zenbait txartelek buruz behera daudela dirudite ongi txertatuta daudenean. Ziurtatu, baita ere, txartela ongi sartuta dagoela artekan; zenbait txartelek, batez ere CF motakoek, indar apur bat egitea behar dute ongi txertatuak izateko. Kontuz ibili eta ez bultzatu gogorregi: solidoa den zerbaitekin topo eginez gero, ez behartu.
Ireki Fitxategiak aplikazioa Jarduerak ikuspegitik. Txertatutako txartela ezkerreko alboko barran ageri al da? Zenbaitetan, txartela zerrenda horretan ageri da baina ez dago muntatuta; egin klik behin haren gainean muntatzeko. (Alboko barra ez badago ikusgai, sakatu F9 edo egin klik goiko barrako Fitxategiak menuan eta hautatu Alboko barra.)
Ez baduzu txartela ikusten alboko barran, sakatu Ctrl+L eta idatzi computer:/// eta, ondoren, sakatu Enter. Txartel-irakurgailua ondo konfiguratuta badago, irakurgailua unitate gisa agertuko da txartelik ez dagoenean eta txartela bera agertuko da hura muntatzen denean.
Txartel-irakurgailua ikusten baduzu baina ez txartela bera, arazoa txartelean egon daiteke. Probatu beste txartel batekin edo egiaztatu txartela ondo dagoela beste irakurgailu batean, posible bada.
Ordenagailua kokalekua arakatzean ez bada txartelik edo kontrolatzailerik ageri, agian zure txartel-irakurgailua ez dabil Linuxen, horretarako kontrolatzailerik ez dagoelako. Zure txartel-irakurgailua barnekoa bada (ordenagailu barruan badago, kanpoan egon ordez), horrelakoak gertatzea errazagoa da.Konponbiderik errazena da zure gailua (kamera, mugikorra edo bestelakoa) ordenagailuaren USB ataka batera zuzenean konektatzea. Kanpoko USB txartel-irakurgailuak ere badaude, eta Linuxen askoz hobeto dabiltza.