Abiarazi aplikazioak

Eraman saguaren erakuslea pantailaren goiko ezkerreko izkinan dagoen Jarduerak aukerara, horrela Jarduerak ikuspegia erakusteko. Ikuspegi horretan zure aplikazio guztiak ikusi ahal izango dituzu. Ikuspegia irekitzeko beste modu bat Super tekla sakatzea da.

Jarduerak ikuspegia ireki ondoren, aplikazioak abiarazteko hainbat modu daude:

  • Hasi aplikazioaren izena idazten. Bilaketa berehala hasiko dela ikusiko duzu. Horrela gertatzen ez bada, egin klik pantailaren goiko aldean dagoen bilaketa-barran eta hasi idazten. Aplikazioaren izen zehatza ezagutzen ez baduzu, saiatu hari lotutako hitzen bat bilatzen. Egin klik aplikazioaren ikonoan hura abiarazteko.

  • Zenbait aplikaziok ikonoak dituzte panelean, alegia, Jarduerak ikuspegiko beheko aldean ageri den ikonoen banda horizontalean. Egin klik ikono horietan aplikazioak abiarazteko.

    Sarritan erabiltzen dituzun aplikazioak badituzu, gehitu haiek panelari.

  • Egin klik panelean bederatzi laukitxoz irudikatuta datorren botoian. Instalatutako aplikazio guztien lehen orria ikusiko duzu. Aplikazio gehiago ikusteko, sakatu panelaren gainean dauden beheko aldeko botoiak. Sakatu aplikazio batean hura abiarazteko.

  • Aplikazio bat beste laneko area batean abiarazi nahi baduzu, arrastatu bere ikonoa paneletik laneko area batera. Aplikazioa hautatutako laneko arean irekiko da.

    Aplikazioa laneko area berri batean abiarazi nahi baduzu, arrastatu bere ikonoa hutsik dagoen laneko area batera edo bi laneko area artean dagoen tarte hutsera.

Komando bat modu azkarrean exekutatzea

Aplikazio bat abiarazteko beste modu bat Alt+F2 sakatu, bere komando-izena sartu eta Enter tekla sakatzea da.

Adibidez, Rhythmbox aplikazioa abiarazteko, sakatu Alt+F2 eta idatzi ‘rhythmbox’ (ez sartu komatxoak). Aplikazioaren izena hura abiarazteko komandoa da.

Erabili gezi-teklak aurretik exekutatutako komandoetara erraz joateko.